Finantza-emaitzak gizartearen gaineko eraginerako [elkarrizketa]

Finantza-emaitzak gizartearen gaineko eraginerako [elkarrizketa]

Irene.jpgasteazkena, 17 de urria de 2018

Oikocreditek bere estrategia gaurkotuta ezartzen duen heinean, kooperatibak bere kide eta inbertitzaileekin lan egiten jarraitzen du azken garapenak eta egindako aurrerapenak partekatzen. Mendebaldeko Alemaniako Oikocreditentzako Laguntza Elkartea oraintsu bildu zen Irene van Oostwaard-ekin (Oikocrediten Finantza zuzendaria), finantzen gaurkotasunari zein Ireneren ideiei eta bere antolaketarekiko pasioari buruz gehiago ikasteko.

40 urtez baino gehiago, Oikocredit jasangarritasun ekonomikoa eta gizartearen gaineko eragina konbinatzen egon da arrakastarekin. Nola lortzen duzue?

Gure erakundearen maila guztietan, finantza- eta gizarte-alderdietan arreta jartzen dugu. Bi alor horiek erabakiak hartzeko gure organo eta sail guztietan irudikatuta daude, baita kudeaketan ere. Oreka on bat lortzeko lan egiten dugu.

Arreta gizartearen gaineko eraginean jarrita egotea gure arrakastaren gakoa dela uste dut. Horixe da gure inbertitzaileek nahi dutena eta horregatik inbertitzen dute beren dirua gure enpresan. Kooperatiba sendo bat izatea oso erabilgarria da. Gure kideak lanaren elementu zuzentzaile gisa lan egiten dute eta, horrela, gure misioari leialak garela ziurtatzen dute.

Nola funtzionatzen du orekaren mantentzea bazkide diren elkarteen artean? Ba al dago gizarte-arrakasta baino finantza-arrakasta gutxiago daukaten proiekturik (edo alderantziz)?

Bi alderdiak lantzen dituzten bazkideak aurkitzen saiatzen gara beti. Halere, proiektu guztiak ez dira paregabeak izaten bi alderdiei dagokienez.

Adibidez, nekazaritza-finantzek erronka handi bat suposatzen dute. Erakunde gutxi dira gai sektore honetan modu errentagarri batean lan egiteko. Bestalde, sektore honek gizartean daukan eragina ikaragarria da. Horrenbestez, nekazaritzan inbertitzen dugu. Finantzek arrakasta txikiagoa daukate, baina gizartearen gaineko eraginarengatik egiten dugu eta, gero, finantzetan arrakasta handiagoa daukan zorroaren beste parte batekin orekatzen dugu.

Hala ere, kasu guztietan estandar minimoak dauzkagu finantza- eta gizarte-alderdietarako, eta horiek oso altuak dira beste erakunde batzuenekin alderatzen baditugu.

Inbertitzaileek ez dute dibidendu maximorik itxaroten (orain arte, ez zaie % 2 baino gehiago ordaindu). Horrek laguntzen al dio Oikocrediten arrakastari?

Ehuneko bi ez dago bermatuta eta ez da inoiz egon. Izan ere, duela 40 urte, Oikocreditek ez zuen inolako dibidendurik ordaindu. Bakarrik 1989tik aurrera hasi ginen ehuneko biko dibidendua ordaintzen, ehuneko bateko dibidendua izan dugun hiru urteetan izan ezik. Alabaina, egia da: benetan laguntzen duena da haien dirua epe luzean eskuragarri ipintzen duten inbertitzaileak dauzkagula, eta ez dutela etekin handiena lortzeko bakarrik egiten. Beste edozer nahi izanez gero, hobe beste nonbaitera jotzea. Horri esker, gizartean eragina izango duten proiektuetan eta neurrietan ahalik eta diru gehien inbertitzeko aukera izango dugu.

Ekainean, Oikocrediteko kideek 2017an % 1eko dibidendua ordaintzeko botoa eman zuten. Erabaki hori kooperatibaren emaitzak presiopean daudela ikusita hartu zen. Zergatik?

Arrazoi nagusia aurreko urtean monetak izandako gorabehera da. Iaz, gure kreditu-zorroaren ehuneko sei bakarrik ordaindu zen eurotan; ehuneko 42 Ameriketako Estatu Batuetako dolarretan ordaindu zen eta gainerakoa Ameriketako Estatu Batuetako dolarrari lotuta dauden tokiko dibisetan.

Badakigu garrantzitsua dela gure kideentzako maileguak tokiko dibisen arabera egokitzea. Maileguak eurotan egingo bagenitu, aldaketa-arriskua gure bazkideei egokituko litzaieke eta, oro har, ezin dute arrisku hori beren gain hartu. Bestalde, guk arrisku hori geure gain hartu dezakegu. Beharrezko tamaina, esperientzia eta nahiko handia den tokiko dibisen arrisku-funts bat daukagu. Euroak iaz izan zuen indartzea dela eta, funtsa askotan erabili behar izan genuen.

Gainera, interes-tasa baxuko inguruak gure emaitzak era negatibo batean kaltetzen ditu. Gure produktu nagusiak (hau da, maileguak) interes txikiagoa sortu zuen.

Bulego nahikoak dauzkagu eta, beraz, beste batzuk baino kostu handiagoa dugu. Hala ere, erabat ziur gaude tokian toki egotearen kontzeptua abantaila handia dela eta horri eutsi nahi diogu. Badakigu zer gertatzen ari den tokian tokiko mailan, baita merkatuan ere. Gure adituek bertan lan egiten ari diren komunitateak ezagutzen dituzte eta, azken beltzean, horrek ere gure arriskuak txikitzen ditu.

Zer egiten ari da Oikocredit gastuei aurre egiteko eta zein da dibidenduaren etorkizuna datorren urterako?

Gure estrategia gaurkotuta, beste gauza batzuen artean, dauzkagun gastuak txikitzeko laguntzari bideratuta dago [gure zuzendari exekutiboari egindako elkarrizketan estrategiaren gaurkotzeari buruz guztia irakurri dezakezu]. 

Oraindik gure estrategia ezartzen ari garenez eta prozesua 2019. urtera arte luzatuko dugunez, gure emaitzak presiopean jarraitzen dute lehenago aipatu ditudan askotariko faktore ezberdinengatik. Ezartzen ari garen aldaketen eragina 2019. urtearen amaieran ikusiko da eta, aldi honen ostean, gure finantza-emaitzak hobetzea espero dugu.

Eta gure gaurkotutako estrategiari dagokionez, zirraragarria da ez dugula arreta jartzen bakarrik gure finantza-emaitzak hobetzeko; izan ere, gizartean daukagun eragina handiagotzeko moduetan ere arreta jartzen ari gara. Lehenago aipatu dudan legez, finantza- eta gizarte-emaitzak elkarrekin doaz Oikocrediten, eta erakundearen maila guztietan ahal dugun guztia egiten ari garela ziurtatu nahi dugu gure kideek zerbitzatzen dituzten pertsonen bizitzetan eragin handiagoa sortzeko.

Zein dira zuk, finantza-zuzendari gisa, 2018/2019an egin nahi dituzun proiektu gakoak?

Proiekturik handiena eta garrantzitsuena gure gaurkotutako estrategiaren ezarpena da.

Balantze ofizialetan finantza-zenbakiak ikusteaz gain, gizartean eragina daukaten eta neur daitezkeen emaitzak ikustea gustatuko litzaidake. Finantza-zenbaki soilek ez dute ondo irudikatzen benetan zer garen. Gizartearen gaineko eraginean diharduen, gure kideak bisitatzen dituen eta datuak ikertzen, biltzen eta aztertzen dituen ikerketa-talde bat daukagu, ez bakarrik gure kideen bidez heltzen garen pertsonen kopuruari dagokionez, eskuratzen ditugun emakumeen kopuruari eta lortutako emaitzei dagokienez ere.

Kooperatibarentzat lan egiten du 2010. urtetik. Zer da Oikocrediten egiten duzun lanetik gustatzen zaizuna?

Ekainean, mikrofinantzen erakunde bateko bezero bat bisitatu nuen Chennai-en, Indian. Bezero horrek denda txiki bat dauka. Alaba (unibertsitatean ikasten du eta ingelesa daki) bertan egon zen eta interprete lanak egin zituen. Bere eredua nor zen galdetu nionean, neskak hauxe erantzun zidan: "Ama". Oilo-ipurdia jartzen zait oraindik.

Neskak esan zuen amak erakutsi ziola nola alda dezakezun bizitza eta arrakasta izan. Horixe da, hain zuzen ere, alabak etorkizunerako ikuspegi hobeagoa edukitzeko arrazoi bakarra.

Gu, Oikocredit bezala, haren ama finantzatzen duen erakundea finantzatuz ekarpen txiki bat baino ez dugu egiten, baina, hala ere, horixe da egunero lanera etortzeko daukadan arrazoia. Hemen egiten dugunari esker, egoera aldatzeko aukera daukagu!